Páginas

jueves, 12 de abril de 2012

Zauri guztiek uzten dute orbain bat.


Nork ez du masailean txikitan erori zeneko orbain bat. Edo erori eta iskina baten kontra buruan hartutako kolpearen orbainik. Nork ez du bere gorputzean noizbait emandako punturen baten markarik. Edota operazio baten arrastorik.

Ziur denok badugula horrelakorik gure gorputzean. Askotan ispiluaren aurrean jarri eta ez zaigu gustatuko ispiluak berak itzultzen digun irudia. Niri ere pasa izan zait. Ezabagoma bat existituko balitz azaleko orbaina kentzeko, edo zerbait jarri gainetik ez nabarmentzeko.. Baina hala ere, nabarmenduko litzateke. Ez dago aukerarik ezabatzeko, ez balego bezala egiteko. Dagoena onartu behar berriz ere.

Behatz artean dudan orbaina ikusten dudan bakoitzean, nire oroimenera itzultzen da haur nintzenean gertaturiko pasartea. Hortz baten zatia hautsita dudala ikustean, berriz ere oroitzapenak ureztatzen dute nire memoria. Azken batean orbain bakoitzak atzetik istorio bat dauka. Eta zer izango ginateke istoriorik gabe? Besteei ezer kontatzeko ezer izan gabe? Deus.

Apustu egingo nuke: ez dago atzetik istoriorik ez duen orbainik. 

martes, 10 de abril de 2012

Help.

Bizitzako une askotan aurre egin behar izaten diegu arazoei. Saiatu behintzat, arazoek ez gaitzaten eraman zulora. Argitasunik gabeko zulora. Beti ez da horren erraza izaten ordea. Batzuetan, askotan, gehiegitan … besteen laguntza behar izaten dugu gure arazoa konpontzeko.

Esperientziak erakutsi dit lagun baten arazoa zure arazo bihurtzen dela azken finean. Hala ere, arazo hori dela medio hartutako jarrerak ez du dena justifikatzen. Laguntzen jakitea bertute handia den arren, laguntza eskatzeak ere badu berea. Pertsona asko besteak baino gutxiago sentitzen dira laguntza eskatu beharrean ikusten direlako. Baina ez dago horrela  sentitu beharrik. Bi burmuinek batek baino hobe pentsatzen dute. Laguntza eskatzeaz ez da lotsatu behar. Alderantziz. Laguntza eskatzea goraipatzekoa da. Izan ere, bakoitzak jakin beharko luke non dagoen bere muga. Eta muga hori iristen denean, beste pertsonengana joan laguntza bila. Lagunak, familia… edonor dela ere. Medikuak gorputza aztertzen eta sendatzen duen era berdinean psikologoek burmuina aztertu eta sendatzeko gai dira. Denok beharko genukeela bat uste dut, esan gabe gelditu ez dadila.

Lagun on batek egin daitekeen opari hoberena egin zidan: liburu bat. No me iré sin decirte a dónde voy liburuan agertzen zen esaldi bat etorri zait burura: “No hay grandes problemas sino personas pequeñas”. Izan gaitezen handi.